“Euskadiko Hegazti Habiagileen Atlasa” aurkeztu da

2023-11-01 By

2023ko urrian aurkeztu da Euskadiko Hegazti Habiagileen Atlasa, gure lurraldean kumatzen diren hegazti espezie guztien inguruko informazio xehea ematen duen azterlan erraldoia.

Proiektua 2016. urtean abiatu zen eta bere helburua izan da Euskal Autonomia Elkartean ugaltzen diren hegazti espezieen distribuzio zehatza izatea, banaketa-mapekin eta ugaritasun-datuekin batera.

Orotara 180 hegazti-espezieren datuak jaso dira, horien artean 175 espezie autoktono eta 5 exotiko. Espezie bakoitzaren kasuan bere egoera eta banaketa aztertu da eta kontserbaziorako neurri posibleak ere aipatu dira. Gainera, 3 motatako mapak sortu dira, datu nahikoa zeukaten espezie guztietan: presentzia mapak, ugaritasun mapak (edo banaketa modelizatuarenak) eta joera historikoarena. Bukatzeko, espezie gehienetan populazioaren estima bat ere egin da, gure lurralderako lehenengoz.

Lanak 192 ilustrazio eder ere biltzen ditu, Alex Mascarell artista katalanak eginak.

Espezie ugarienen artean, hauek dira gelaxka guztietan azaldu direnak eta ugaritasun handiena dutenak:

  • Txolarre arrunta: 390.000 ale
  • Txantxangorria: 330.000 ale
  • Txepetxa: 290.000 ale
  • Zozo arrunta: 280.000 ale
  • Txinbo kaskabeltza: 280.000 ale

Euskadiko Atlasa, 7 urteko lan erraldoia

Zazpi urteko lan erraldoia izan da atlasarena. Datu-bilketa 2016-2020 epean egin zen, 5×5 km-ko laukitxoak aztertuta. Horrela, orain arte sekula lortu ez den datu-kopurua eta zehaztasuna lortu dira Atlasaren proiektu honekin.

Behin datu-bilketa bukatuta, 2021-2022 bitartean especie guztien fitxak osatuko ziren, informazio guztia bateratu, testu eta mapak osatu eta argitaratzeko azkenengo lanak egin ziren. Bukatzeko, 2023an zehar orrazketa eta maketazio lanak egin ziren eta 2023ko urrian aurkeztu zen.

Proiektuaren koordinazio orokorra Aranzadi Zientzia Elkartearena izan da eta lurralde mailan ondorengo arduradunak izan dira:  Itsas Enara Ornitologia Elkartea (Gipuzkoa), Sociedad Ornitológica Lanius (Bizkaia) eta Arabako Natur Institutua (Araba). Gainera, hainbat ornitologo eta txorizalek ere hartu dute parte proiektuan bolondres moduan, dela landa-lana egiten, dela hegaztien 180 fitxak atontzen. Guztira 60 lagun baino gehiago izan dira proiektuan parte hartu dutenak.

Atlasak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte-hartze zuzena izan du, lurralde horretako zenbait kuadrikula basozainek zentsatu baitituzte.